Prentsa Oharren banner

Bi moto-gidari eta txirrindulari bat zauritu dira trafiko-istripuetan

Motozikleta bat, ziklomotor bat eta bizikleta bat gidatzen zihoazen 3 gizonezko zauritu dira asteburuan gertatutako trafiko-istripuetan.

Oreitiasolo eta Jacinto Benavente elkartzen diren biribilgunean motoz zihoan 44 urteko gizonezko bat zaurituta geratu zen ostiralean, auto batek jota, eta horren ondorioz, Santiago Ospitalera eraman behar izan zuten.

Ostiralean ere, Karlos I.aren plazako biribilgunean, istripu bat gertatu zen ziklomotor baten eta auto baten artean. Motoz zihoan 68 urteko gizonezkoa arinki zaurituta geratu zen, eta Txagorritxu Ospitalera eraman behar izan zuten.

Atzo Lasarteko Atea eta Maite Zúñiga kaleen elkargunean auto baten eta bizikleta baten artean gertatutako trafiko-istripua ikertzen ari da argiketa-talde bat. Bizikletaz zihoan 46 urteko gizonezkoa zaurituta geratu zen eta Santiago Ospitalera eraman zuten.

Udaltzainek beste 34 trafiko-istriputan esku hartu zuten asteburuan, nahiz ez zen zauriturik izan, eta 3 gidari ikertzen ari dira bide-segurtasunaren aurkako delituengatik: 38 urteko gizonezko bat gida-baimenik gabe gidatzeagatik, eta 46 eta 42 urteko beste bi alkoholaren eraginpean gidatzeagatik.

Gainera, Udaltzaingoak alkoholemiako 8 prebentzio-kontrol egin ditu, eta horietan, 176 gidarik egin behar izan dituzte arauzko alkoholemia-probak. Horietatik bik emaitza positiboa eman zuten.

Udaltzainek asteburuan 44 salaketa izapidetu dituzte eta polizia judizialaren 8 jarduera egin dituzte.

Hozkailu-kamioi baten atoiak su hartu du

Astelehen honetako gauerdia pasatu ondoren, suhiltzaileek esku hartu behar izan dute elikagaiak garraiatzen ari zen hozkailu-kamioi baten atoian piztutako sutea itzaltzeko, A-1 errepidetik zihoan bitartean. Sugarrak uraz eta aparraz itzali dituzte, baina atoiaren erdia gutxi gorabehera erreta geratu da.

Zuhatzuko Atea kalean belar eta sastrakaz betetako lur-eremu txiki batean izandako sutea itzali zuten, eta erretako eremu guztia freskatu zuten gero; horrez gain, goizaldeko hiru eta erdiak pasatuta, Antonio Machado kalera joan ziren edukiontzi batek su hartu zuelako. Suhiltzaileak iritsi zirenerako, Udaltzainek su-itzalgailu bat hustua zuten eta sua ere itzalia zegoen, eta beraz, edukiontzia uraz freskatzeari ekin zioten.

Suhiltzaileen lantalde batek Andre Maria Zuriaren plazako aldamio batean olana zulatu baten barruan harrapatuta geratutako zikoina bat askatu zuen. Aldamioaren barrualdetik hegaztia erreskatatu eta askatu egin zuten.

Share