Prentsa Oharren banner

Gizarte etxeek 35.440 leku eta 349 jarduera-mota eskainiko dituzte 2019-2020ko programazioan

Gaur hasiko da izena emateko epea jarduera gehienetarako, irailaren 4ra arte; irailaren 5ean egingo da zozketa

Kultura eta Gizarte Etxeen zinegotzi Estíbaliz Cantok eta Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek datorren ikasturtean gizarte etxeetan garatuko den jarduera-programa aurkeztu dute gaur. Orotara 349 jarduera dira, eta lehen hiruhilekorako 35.440 leku eskainiko dira.

Cantok azaldu duenez, programazioa “adin orotako pertsonengana iristeko diseinatu da: hiri osoan banatua, ordutegi zabalarekin, eta gustu orotarako, sarearen filosofiaren ildotik: zuregandik hurbil“.

Gizarte etxeetako jarduera programa_

Livia Lópezek, berriz, azpimarratu du “Gasteizko Udalak denak asebetetzeko egin duen ahalegina. Umeentzako jarduerak ditugu, baita gazte, heldu eta adinekoentzat ere”. Kirol eta Osasun zinegotziak eskaintzako bi berritasun iragarri ditu: goma-paleta eta eskalada eta abentura familian.

Udalaren kirol eskaintza da nabarmengarriena: 24.186 leku eta 86 jarduera  ezberdin. Iazkoaren antzekoa da, eta aipatutako berritasunez gain, doikuntzak egin dira, jarduerak orokorragoak izan daitezen —eta ez modalitate zehatzetan espezializatuak— eta antzemandako beharrei erantzun diezaieten.

Esate baterako, lehen “aerobik” eta “step” izendatutakoen ordez “musikal aerobikoa eta tonifikazioa” sortu da; “batuka-mix” jardueraren ordez, “gaurko erritmoak”; “hasiberrientzako aerobika” jardueraren ordez, “musikaren oinarrira egokitzea”, eta “esferobaloien” ordez, “baloi erraldoiak”.

Kultur ikastaroei dagokienez, hauxe da eskaintza:

Jarduera artistikorako hastapen ikastaroak: 320 ikastaro, 126 espezialitatetan, eta 5.278 leku hiruhileko bakoitzeko. Horien artean bada berritasunik: kaxoi flamenkoa, zirkua, pastel-pintura edo umeentzako ukelelea. Horietaz gain, sendotutako askotariko ikastaroak ditugu: antzerkia, magia, akuarela, photoshop hastapenak, komikia, jazz dantza, Afrikako dantzak, balleta, bertsolaritza, zur-lanketa, gitarra, robotika hezitzailea, zientzia dibertigarria eta abar.

Kultur ikastaroak, teorikoagoak, espezialistek emandakoak, herritarrek hainbat alorretako ezagutzak era didaktikoan eskura ditzaten. 20 ikastaro eta 725 leku eskainiko dira. Batzuk errepikatu egingo dira, eskaera handia baita: astronomia, ardo dastatzea, kriminologia, mikologia eta psikologia soziala. Horietaz gain, hainbat arlotako eskaintza berritzaile eta askotarikoa prestatu da: historia, artearen historia, musika eta zinema, besteak beste.

Gela irekiak. Arte zaletasun bat nork bere kabuz eta monitorerik gabe praktikatzeko espazioak dira. Ez da izena eman behar, erabiltzaile txartela erosi baizik, irailetik aurrera. 27 gela ireki izango dira.

Irakurle klubak. Liburu eta testuei buruzko ideiak partekatzeko taldeak dira, hainbat gairen inguruan antolatuak. Ez dira zozketan sartzen; izena emateko epea irailaren 5ean hasiko da. Orotara bederatzi klub antolatu dira, horietako hiru Udaleko Berdintasun Zerbitzuarekin batera.

Kultur eskaintzaz gain beste jarduera ugari antolatu dira hainbat alorretan:

2019-2020 kanpainan gizarte sustapenerako 112 jarduera eskainiko dira, hiruhileko bakoitzeko 1.800 leku inguru. Haur eta familiei zuzendutako jarduerak dira, baita heldu eta adinekoei ere, ongizate pertsonala hobetu eta sustatzeko. Horiei adinekoentzako zentro soziokulturalek 2019-2020 kanpainarako prestatu duten eskaintza zabala gehitu behar zaie, zeina aurrerago aurkeztuko baita.

Orobat, ludoteka eta ludoklubetan 146 txanda eta 3.248 leku eskainiko dira, 0 eta 11 urte bitarteko haurrentzat.

Euskara sustatzeko, berriz, 1.495 leku eskainiko dira.

Azkenik, hiri-baratzeak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatutako jarduerak sartzen dira eskaintzan (120 leku); Xtraclubeko jarduerak, 12 eta 18 urte bitarteko neska-mutilentzat, eta elikadura eta osasunari buruzko 30 ikastaro, Osasun Publikoaren Atalak antolatuak (450 leku).

Izen-ematea eta zozketa

Jarduera gehienetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, eta lekuak esleitzeko zozketara arte itxaron.

Izena emateko epea uztailaren 18an (osteguna) hasi eta irailaren 4a arte iraungo du. Bide hauek erabil daitezke: udalaren web-orrian; telefonoz, 010 telefono zenbakian; edo zuzenean, udalaren kirol instalazioetan, gizarte etxeetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Irailaren 5ean izango da zozketa, 11:00etan.

Ikastaro batzuetan —Euskara eta Berdintasun zerbitzuek eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatutakoak eta kirol eta kultur jarduera zenbait eta gizarte sustapeneko jarduera batzuk— izen-ematearen hurrenkeraren arabera esleituko dira lekuak.

Iaz bezala, udal instalazioetako bazkideek % 40ko deskontua izango dute gizarte etxeetako jarduera guztietan. Orobat izango dute % 15eko deskontua langabezian daudenek, ordenantza fiskaletan jasotzen denaren ildotik.

Share