Prentsa Oharren banner

Gizagune fundazioak kudeatuko du Bizikidetzaren Behatoki berria datozen bi urteetan

 

Behatokiak bi funtzio nagusi izango ditu: hiriko elkarbizitzaren inguruko txostenak egitea eta, gizarte-bitartekaritza komunitarioaren bidez, gatazkak konpontzea.

 

Gizagune fundazioak kudeatuko du Bizikidetzaren Behatoki berria datozen bi urteetan. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du Bizikidetzaren Behatokirako idazkaritza teknikoaren kontratua enpresa horri esleitzea, 130.000 euroan (BEZa barne); gauzatzeko epea 24 hilekoa da. Gastua honako partida hauei egotziko zaie: 2019. urtea: 45.496 euro; 2020. urtea: 65.037,50 euro; 2021. urtea: 19.466,50 euro.

2018-2020 aldirako Bizikidetza eta Aniztasun Planean Gasteiz elkarbizitza-hiri bihurtzeko ahaleginak, metodologiak eta baliabideak bateratzeko hainbat neurri jasotzen dira. Besteak beste, behatokia sortzea ezartzen zuen planak.

Idazkaritza tekniko hori kontratatzeak Gasteizen Bizikidetzaren Behatokia martxan jartzea ahalbidetuko du. Hirian elkarbizitza nolakoa den jakiteko etengabeko tresna izango da eta, hartara, komunitate-garapenerako ekintzak eta proiektuak diseinatu, proposatu, sustatu eta gauzatu ahalko dira. Behatokiak bi funtzio nagusi izango ditu: hiriko elkarbizitza-errealitatearen inguruko txostenak egitea eta, gizarte-bitartekaritza komunitarioaren bidez, gatazkak konpontzea.

 Aniztasunari dagokionean, elkar ulertzea eta elkarrekiko onarpena, biktimekiko eta giza eskubideekiko begirunea, eta askatasunaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bultzatzen dituen diskurtso ofiziala darabilgu. Alor horretan badira dagoeneko Udalaren ekintza planak, eta, horiei esker, jarritako helburuetarantz aurrerapausoak emateko tresna erabilgarriak ditugu eskura. Aurrerapena nabarmena den arren, horrek ez du bermatzen gure hirian inolako gatazkarik ez egotea.  Gaur egun, badira oraindik bakearen kulturaren aurkako adierazpenak: biktimen duintasunaren, aniztasunaren, gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren eta sexu-askatasunaren kontrakoak, eta, oro har, giza eskubideen aurkakoak.  Beraz, lanean jarraitu behar dugu alor horretan. Epe luzerako lana da”, nabarmendu du Bizikidetza eta Aniztasunaren zinegotzi Miren Fernández de Landak.

 

Share