Prentsa Oharren banner

Gizonezko bat atxilotu dute Alde Zaharreko etxebizitza batean bere bikotekidea jotzeagatik

 Bart gauerdian Udaltzaingoaren agenteek 45 urteko gizonezko bat atxilotu dute, genero-indarkeriaren delitu baten ustezko egile gisa, Alde Zaharreko etxebizitza batean bere bikotekidea jotzeagatik.

Emakumeak laguntza eskatuz egindako oihuek larritasunaz ohartarazi zituzten bizilagunak. Bertara joan zen patruilak etxebizitzara sartzeko atearen zulo handi batetik ikusi ahal izan zuen bikotea eztabaidan ari zela eta gizonezkoa emakumea jotzen ari zela. Udaltzainek erasotzailea atxilotu zuten eta gaur goizean epailearen esku geratu da; halaber, laguntza eskaini zioten biktimari, eta beste polizia-patruila batek ospitale batera eraman zuen.

57 urteko beste gizonezko bat atxilotu zuten atzo, agintaritza-agenteen aurkako atentatu-delitu baten ustezko egile gisa. Venezuela kaleko ostalaritza-lokal batean gertatu zen, eta pertsona hori bezeroak eta zerbitzari bat iraintzen eta haserrarazten ari zen. Patruila bat bertara joan zen eta gizonezkoari eskatu zioten identifikatu zedila. Hark uko egin zion, udaltzainak iraindu zituen eta haien aurka oldartu zen, eta horrenbestez, azkenean atxilotu egin zuten.

Pertsona bat zauritu da istripuan.

Atzo Gaztelako Atea kalean auto batek beste baten aurka talka egin ondoren izandako istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da argiketa-talde bat.

Talka horren ondorioz, autoetako bat gidatzen ari zen 43 urteko emakumea zaurituta geratu zen, eta Suhiltzaileek atera behar izan zuten ibilgailu barrutik. Santiago Ospitalera eraman zuten gero.

Udaltzainek beste 10 trafiko-istriputan esku hartu zuten, nahiz ez zen zauriturik izan, eta 29 eta 37 urteko bi gidari ikertzen ari dira, gida-baimenik gabe gidatzeagatik. Horrez gain, 18 salaketa izapidetu eta polizia judizialaren 11 jarduera egin zituzten.

Suhiltzaileak

Suhiltzaileak Maximo Gisasola kaleko etxebizitza batera joan ziren atzo, gas-sukalde bateko suak lehertu egin zirelako. SPEISeko langileek neurketa batzuk egin zituzten esplosimetroaz, instalazioa berraztertu zuten eta, erregailuak probatu ondoren, ez zuten inolako arazorik topatu.

Nieves Cano kaleko etxebizitza batera ere joan ziren, bainugela bateko sabaiaren zati bat erori zelako. Erortzeko arriskuan zeuden sabaiko zatiak kendu eta hondakinak garbitu zituzten.

Share